Zabalik egongo dira Gorostitzako instalazioak irailaren 30era arte, edukiera erdiarekin. Aurretiko hitzordua eskatu beharko da Barakaldo Kirolak-eko web bidez, bi egun lehenago.
Prest dauka guztia Barakaldok hiriko igerilekuak udaldirako zabaltzeko. Gaur goizean bisitatu ditu Barakaldoko alkate Amaia del Campok Gorostitzako kanpoko igerilekuak, bertatik bertara ikusteko, asteazkenetik ezarriko diren protokoloak eta instalazioen egoera. “Protokolo desberdinak ezarri ditugu, gure herritarrak seguruago sentitu eta instalazioez goza dezaten, betiere zuhurtasunez jokatuz eta prebentzio neurri guztiak aintzat hartuz, birusa kalean baitugu oraindik”, adierazi du alkateak.
Irailaren 30era arte egongo dira zabalik Gorostitzako kanpoko igerilekuak, eta edukiera erdira murriztuko da; alegia, goizez 787 lagun sartuko dira, 10:30etatik 15:00etara, eta beste horrenbeste, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Txanda aldatzean garbituko dira igerilekuak, 15:00etatik 16:00etara, alegia.
Barakaldo Kirolak-en barakaldokirolak.eus web orrian eskatu beharko da aurretik hitzordua, edo makina saltzaileetan, bestela, bi egun lehenago. Sarrera bakarra gordeko da pertsona bakoitzeko, eguneko eta ordu-tarte bakoitzeko, eta egun eta ordu-tarte berean ezingo da erreserba bat baino gehiago egin. Erreserba hori egin ahal izateko, Barakaldo Kirolak-i gako bat eskatu behar zaio. Gakoa posta elektronikoz bidaliko zaie erabiltzaile guztiei.
SARBIDEA APARKALEKUKO ATETIK
Udalak
hainbat prebentzio-neurri ezarri ditu igerilekuen erabilera ahalik eta
ordenatuena izan dadin, igerilekurako sarbidea aparkalekuaren ondoko ate
urdinetik eginez. Ez da beharrezkoa izango lursaila partzelatzea, haren
tamaina handia dela eta, baina irekiera-ordutegian zaintzaileak egongo
dira, urruntze soziala errespetatzen dela kontrolatzeko. Gainera,
Gorostitzako aldagelak itxita egongo dira, teknikariek gomendatu
dutenez, korridoreak estuegiak baitira eta zaila baita urruntze
sozialeko neurriak errespetatzen direla ziurtatzea. “Hori dela eta,
komun kimikoak jarri ditugu kiroldegi barrura sartu beharrik ez
izateko”, azaldu du alkateak.
Igerilekuetan ere igeri egiteko kaleak ezarri dira, kale bat joanerako eta beste bat itzulerarako, kalean bi igerilari ez gurutzatzeko. Igerilekuko betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da, igerilekuko desinfektatzaile-mailak araudiak baimentzen duen mailarik altuenean mantenduko baitira.
SOLARIUMA ERABERRITUTA
Azken
asteetan, Udalak igerilekuko solariuma hobetzeko obra bat burutu du,
hondatuta baitzegoen eta ur-iragazketak eragin baititu. Lanak 97.500
euroko inbertsioa izan du. “Pribilegiatuak gara Barakaldon, horrelako
inguru batean igerilekuak ditugulako. Lan handia egin dugu azken
asteotan, pandemiaz barreiatu den hilabete hauen ostean gure auzokideek
inguru honetaz berriro gozatzeko aukera izan dezaten “, adierazi du
alkateak. “Baina zuhurtasunerako deia egin nahi dut: goza dezakegu,
baina ezarritako neurriak betez egin behar dugu, jendearteko 2 metroko
distantzia errespetatuz eta musukoak erabiliz, ahal ez den guztietan.
Ezin dugu ahaztu gertatu den guztia. Birusak gure artean jarraitzen du,
beraz, erne egon beharra daukagu”, azpimarratu du.